TXIMITXANGAK TALDEA BOOKTRAILER SARIEN IRABAZLE
Albiste bikaina izan zen Abadiño BHIko DBH1eko TXIMITXANGAK taldea 2025-2026ko Liburu Gaztea booktrailer lehiaketako finalisten artean sailkatu zela jakitea.
Lehenengo ebaluazioan, DBHko 1. mailako ikasleek Artxipelagoa komiki-liburua irakurri eta landu zuten Euskara eta Literatura ikasgaian. Irakurketaren eta literatur tertulien ostean, ikasleek liburuaren booktrailerra sortu zuten, sormena, lankidetza eta ilusioa uztartuz. Ondoren, egindako lana Galtzagorri Elkarteak antolatutako lehiaketara aurkeztu zen.
TXIMITXANGAK taldeko kideak Nahia Amutxastegi (1A), Markel Arrieta (1A), Aiora Atutxa (1A), Intza Fernandez (1A) eta Lier Ule (1A) izan ziren. Beraiei etengabe laguntzen Nerea Kortazar irakasle ondarrutarra aritu da ekiteko grina sustatuz. Haien lana finalera iritsi zen, eta maiatzaren 26an, Azkuna Zentroko Bastida Aretoan egin zen sari banaketan, DBH1-2 kategoriako epaimahaiaren saria jaso zuten. Gainera, saria liburuaren egileen eskutik jasotzeko aukera izan zuten.
Sari horrek ikasleek prozesu osoan zehar erakutsitako lana eta inplikazioa aitortu zituen. Zorionak TXIMITXANGAK taldeari egindako lan bikainagatik!

